XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Fermin.- Kortaturekin hasi ginenean egin nuen nire lehenengo ikastaro intentsiboa, egunero bost ordu zero mailan.

Garai berean joan ginen Martutenera jotzera eta Sarri ezagutu genuen.

Harremanak erdaraz, noski.

Eta berak esaten zigun Zuek euskaraz ezer ez, e?.

Guk tutik ere ez, eta gure kezka oraindik gehiago handitu zen.

Mikel Antzarekin ere oso harreman ona genuen, eta behin Argiarako elkarrizketa bat egin zigunean, azaldu genion gure musika After-trikitrixa zela; ska musika trikitrixaren oso antzekoa dela baina a contratiempo esaten geniola daukat gogoan.

Ordurako, dagoeneko musika gure sustraiekin lotzen hasita geunden.

Euskararekiko zaletasuna handitzen ari zen nire barruan apurka-apurka.

Lehenengo ikastaroa iragan eta handik bi urtera egin nuen hurrengoa.

Ataxi.- Euskarari zegokionean nor izan zen bultzagile Kortatun?

Fermin.- Hasieran hirukotea ginen, nahiz eta gero asko zabaldu zen taldea, teknikariak,...

Atzerrira ateratzen ginenean, beti azaltzen genituen KAS alternatibaren bost puntuak, horien artean euskararena, baina beti geratzen zitzaigun asignatura pendiente bezala.

Mekaguen sos, behin behingoz ikasi egin beharko dugu, esaten dugunari indar gehiago emateko esaten genuen.

Geroago, hilabetaka ibili nintzen ikasten euskara.

Norbaitek zera esan arte: tontuarena egiten ari zarete, zuek behar duzuena barnetegia da.

Kortaturen hastapenetatik esan genuen euskaraz abesten amaituko genuela, egia esan, ez dakit zer zen: farolada ala gure aurrean jartzen genuen azenarioa eta anaia eta biok, ikastaro trinkoari ekin genion Gaztelun, AEKrekin.

Hilabete pasa genuen han, ikasiaz bat zoragarri pasatuz.

Han sentitu genuen benetan euskararen beharra.

Irakasleek oso kritikatzen zuten abertzalea izatea euskara jakin gabe, oso militanteak ziren, eta han asko ikasi genuen, bai hitz egiten eta baita euskararen filosofiaz ere.

Handik atera ginenean kaleratzea pentsatuta geneukan diskoa atzeratu egin genuen hilabete batzuk, euskara hobeto menderatu arte.

Txakur txikirik ez genuenez ikastaroa utzi eta jotzen ihardun genuen, baina handik denbora batera jaialdi guztiak utzi eta lau hilabete hartu genituen euskararekin jarraitzeko, 87ko azkenak eta 88ko lehenak.

Gaztelukoa belarri ondoan emandako zaplastada ederra izan zen, bizitzan batzutan beharrezkoak diren horietakoa.

Guk ere oso ondo hartu genuen.

Ataxi.- Euskaldun berri askok dioenez, ikasteko gogo izatetik errealitate bihurtu arte sekulakoak pasatu behar izaten dira.

Nola iragan zenuen zuk prozesu hori?

Sekulako mendia ikusten duzu zure aurrean.

Askok ezin izan du hori gainditu.

Hor barnetegiak kristoren garrantzia du, bertan lotsa galtzen duzu eta.

Egun osoan hemen erdara debekatuta dago eta euskaraz hitz egin behar duzu.

Herrian bazaude, kalera ateratzean oso zaila da hori mantentzea.

Ataxi.- Euskara dakizunez geroztik, nola moldatzen zara eguneroko bizimoduan, hemen Irunen.

Fermin.- Kortatu desegin zenetik euskara ikasten jarraitu nuen, puntu batetik aurrera droga bezalakoa da.

Hasten zara irakurtzen eta konturatzen zara Puta idearik ez daukat baina, ez dut ezer ulertzen!.

Gainera Argiako harpideduna nintzen.

Beraz, beharra somatuta Irungo AEKn ekin nion, bi orduz egunero.

Ondoren irakurri eta irakurri, asko.

Gero Egin Irratikoa eskaini zidaten, niretzat erronka zen rock saio bat euskaraz aurkeztea, eta hartu egin nuen.

Orain gehiago irakurtzea gustatuko litzaidake, Obabakoak irakurri nuen, Argia ere irakurtzen dut, eta orain Egunkariarekin, bada, tremendo.

Ataxi.- Zelakoa izan da zure euskalduntzea eta zure inguruaren arteko harremana?

Fermin.- Oso garrantzitsua izan da nere neskalagunarekin bizi izandakoa.

Sei urte daramatzat berarekin ateratzen eta bi elkarrekin bizitzen.

Orain bizi garen etxe honetara etorri zenean -duela bi urte- ituna egin genuen, alegia, etxe honetan ezin izango genuela erdaraz hitz egin.